XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Club 2.000 ospetsua.

Hamaika gizakastak jotzen zuen haruntz, fantesiarik zoroenez burua koloka eta jariozko ideia erraz eta deskabalak zeriela.

Noski, zientzia hotseko zerbaiti jasorik halanolako aldare eta berari gurtza, aparteko hipotesia zelebrezkoenak kanpatuko ziren bere irratitza iritsi zitekeen mugaide orotan.

Hala ere noiz edo behin, eta zientziari fede itsuenez begiratzetik aparte, entzun ohi ziren gauza interesgarriak, baina aski gutxitan.

Bestera, futbol eta politikari buruz aritzen zen jendea; eztabaida eta sesio izugarriak ere edonoiz gertatu ohi zirelarik Madrileko Real eta Atletic ekipo baten eta bestearen partaideak elkarrekin haserretzeraino.

Begiratu batez, gezurra zirudien oinpuntarik oinpunta erabiltzeko pelotoi jostailu eta putzontzi batek nolatan hala sortu zezakeen inorengan hain deliriozko grina farregarria.

Politikaz berriz, zer esanik ez; taiu guztietako eritziak erabiliko ziren beste nolahalako hainbat patriokeria, txipiloteo, balagu, edo zemairik handieneko anatema eta argudioz, gutxiena espero zenean.

Mundu guztia berotzen zen hitzegiteko deihadar edo garraisiaren doinu ozen eta oguzkeraz bezala, kabu bateko antitarrak beste kabuko antitarren aurka; han ez baitzegoen elkarri ezer ulertzeko modurik; denak bat batera mintzatzen ziren eta inork ez norbererik ulertzen zuen, eta noski, hainbat gutxiago besteenik.

Grina baretzean eta jendea apur bat isildu, beti izaten zen bateren bat berriro ekin eta erasoko ziona (...).